Gizarte jasangarriagoak eta bidezkoagoak eraiki nahi baditugu, ezinbestekoa da pertsona guztientzako baliabideen eskuragarritasun unibertsala bermatzea, duintasunez bizitzeko oinarrizko beharrak asetzea posible izan dadin. Zentzu horretan, legeek bizitzeko beharrezko den energia sarbiderako oinarrizko eskubidea bermatu beharko lukete, baita pertsonen zein lurraldeen energia burujabetza ere.

Energia-sektorearen etekin pribatuen aurrean, herritarren oinarrizko beharrak

Espainiako Estatuaren egungo energia-eredua oligopolioa osatzen duten zenbait enpresak elikatzen dute. Hauek energia-sektoreko merkatua kontrolatzen dute, eta pribatizatutako zerbitzu horiek kudeatzen dituzte etekinak lortzeko, bizitzeko beharrak asetzera bideratu ordez. Horren ondorioz, baliabiderik gabeko familia askori bizitzeko beharrezko energia edukitzeko oinarrizko eskubidea urratzen diete.

Bizimodu jasangarrietarako Auzitegian Iruñeako familia baten kasua salatuko dugu. Bi pertsona helduk eta haur batek osatzen dute familia, eta beste askok bezala, azken urteotan ez dute baliabiderik eduki oinarrizko energia horniketa ordaindu ahal izateko. Bi pertsona helduen denbora luzeko langabezi egoerak, zorrak pilatzea ekarri zuen, eta azkenean etxegabetu ere egin zituzten. Egoera hau noski, etxegabetutako pertsonen defentsa-eskubidea urratzen duten eta bankuak babesten dituzten neurriz gaineko legeek elikatu zuten. Ondorengo urteetan familiak ez du zorra kitatu, eta ezin izan ditu oinarrizko horniketaren gastuak ordaindu. Argindarraren fakturak urteetan ezin ordaindu ostean, argindarra moztuko zietelako ohartarazpenak jaso dituzte. Arrisku horren aurrean familia honentzako konponbide bakarra zorra epetan ordaintzea izan da eta honi horri aurre egiteko, bestelako oinarrizko beharrak asetzeari uko egin behar izan diote.

Energiaren eskuragarritasun unibertsala, duintasunez bizitzeko

Administrazioaren babes ezak, laguntzak jaso arte itxaron beharreko denbora-tarte luzeak eta energia-konpainien sentsibilizazio faltak, are gogorrago bilakatzen dute geroz eta familia gehiago pairatzen duten egoera hau.

Estatuko herritarren %15ek baino gehiagok fakturak ordaintzeko zailtasunak dituzte. Horrela, pertsona hauei etxebizitza duina izateko oinarrizko eskubidea urratzen zaie; hau da, oinarrizko baldintzak betetzen dituen etxebizitza, tenperatura egokiduna, eta pertsona orok behar dituen oinarrizko zaintzak gauzatzeko eta elikatzeko energia eskaintzen duena.

“Tipi-Tapa Bagoaz. Hacia vidas sostenibles” kanpainaren manifestuan jaso bezala, energia oinarrizko eskubide gisa aitortu behar da, eta horregatik pertsona ororentzako bizitza duina bermatuko duen energia-kopurua eskuratzeko legeak aldarrikatzen ditugu.