Energia burujabetza izateko eskubidea

Energia burujabetza izateko eskubidea

Aurreko postetan zaintza eta elikadura eskubideez aritu gara eta oraingoan energiaz hitz egingo dugu. Herri auzitegian landuko ditugun lau ardatzetako bat da energia burujabetzarena.

 

Gizarte jasangarriagoak eta bidezkoagoak eraiki nahi baditugu, ezinbestekoa da pertsona guztientzako baliabideen eskuragarritasun unibertsala bermatzea, duintasunez bizitzeko oinarrizko beharrak asetzea posible izan dadin. Zentzu horretan, legeek bizitzeko beharrezko den energia sarbiderako oinarrizko eskubidea bermatu beharko lukete, baita pertsonen zein lurraldeen energia burujabetza ere.

Jarraian eskubide honen urraketei lotutako kasuak aztertuko ditugu.

ERAKUNDE DOKUMENTATZAILEA: WEST SAHARA RESOURCES WATCH (WSRW)
TOKIA: MENDEBALDEKO SAHARA (lurralde okupatuak)

40 urte baino gehiagoko okupazioa eta energia-espoliazioa

1975ean Markokok Mendebaldeko Saharako lurraldea okupatu, kolonoz bete eta armada eraman zuen. Okupazioa, gainera, nabarmenagoa egin zen Aljeriako mugan 1.200 km-ko harresia eraiki zutenean; harresia militarrek, hesiek eta pertsonen eta tankeen kontrako minek babesten zuten. Ordutik, sahararrek eskubide zibil eta politikoen etengabeko urraketari aurre egin behar izan diote, eta ez dute defendatzeko inongo aukerarik. Aldi berean, lurralde okupatuetako baliabide natural eta energetikoen ustiapena ere pairatzen dute.

Urte guzti hauetan Marokok lurralde okupatuetan petrolio eta gas prospekzioak egiteko baimenak eman ditu; azken hamarkadan izandako politika energetikoa, gainera, haize- eta eguzki-energiako instalazioak eraikitzera bideratu da, horietako batzuk lurralde okupatuetan.

Norberaren lurraldeko baliabideei buruz erabakitzeko eta antolatzeko eskubidea

Sahararrek 40 urte baino gehiago daramatzate bazterkeria egoera bat pairatzen, eta honek herri gisa antolatu eta babesteko eskubidea urratzea ekarri du. Horrela, urteak dira sahararrek Marokoko armadaren errepresioa pairatzen dutela, eta testigantza askotan jaso bezala, haien lan-baldintzak nabarmen okertu dira kolono marokoarren baldintzekin alderatuta.

Kalkuluen arabera, Mendebaldeko Saharako 5 biztanletik soilik 1 da sahararra, eta sahararren 2⁄3 errefuxiatu guneetan bizitzera behartuta aurkitu dira, non energiaren eta bestelako baliabide naturalen eskuragarritasuna oso mugatua den. Bitartean, sahararren baliabideak Marokok eta mundu osoko enpresek (Kanada, Errusia, Lituania, Zeelanda Berria, Australia, Venezuela, India, Alemania, Frantzia, Italia, Irlanda, Espainia…) ustiatzen dituzte. Gainera, lurralde okupatuetan proiektuak eraikitzeko lizitazioak emateak lurraldearen okupazio egoera indartzen du, hartutako erabakien inguruan sahararrei ez baitzaie inolako kontsulta edo aitortzarik egiten. Guztiaz ere, 40 urte baino gehiagoren ostean, nazioartean autodeterminazio eskubidea aitortuta dagoen arren, ezin izan dute eskubide hori gauzatu.

Horregatik guztiarengatik, kasu honetan argi eta garbi urratzen da bizitza jasangarriak izateko eskubidea, eta beraz, otsailean Bilbon ospatuko den auzitegian epaitu eta aitortuko da.

ERAKUNDE DOKUMENTATZAILEA: Hipotekak kaltetutakoen plataforma (PAH)
TOKIA: IRUÑEA

Energia-sektorearen etekin pribatuen aurrean, herritarren oinarrizko beharrak

Espainiako Estatuaren egungo energia-eredua oligopolioa osatzen duten zenbait enpresak elikatzen dute. Hauek energia-sektoreko merkatua kontrolatzen dute, eta pribatizatutako zerbitzu horiek kudeatzen dituzte etekinak lortzeko, bizitzeko beharrak asetzera bideratu ordez. Horren ondorioz, baliabiderik gabeko familia askori bizitzeko beharrezko energia edukitzeko oinarrizko eskubidea urratzen diete.

Bizimodu jasangarrietarako Auzitegian Iruñeako familia baten kasua salatuko dugu. Bi pertsona helduk eta haur batek osatzen dute familia, eta beste askok bezala, azken urteotan ez dute baliabiderik eduki oinarrizko energia horniketa ordaindu ahal izateko. Bi pertsona helduen denbora luzeko langabezi egoerak, zorrak pilatzea ekarri zuen, eta azkenean etxegabetu ere egin zituzten. Egoera hau noski, etxegabetutako pertsonen defentsa-eskubidea urratzen duten eta bankuak babesten dituzten neurriz gaineko legeek elikatu zuten. Ondorengo urteetan familiak ez du zorra kitatu, eta ezin izan ditu oinarrizko horniketaren gastuak ordaindu. Argindarraren fakturak urteetan ezin ordaindu ostean, argindarra moztuko zietelako ohartarazpenak jaso dituzte. Arrisku horren aurrean familia honentzako konponbide bakarra zorra epetan ordaintzea izan da eta honi horri aurre egiteko, bestelako oinarrizko beharrak asetzeari uko egin behar izan diote.

Energiaren eskuragarritasun unibertsala, duintasunez bizitzeko

Administrazioaren babes ezak, laguntzak jaso arte itxaron beharreko denbora-tarte luzeak eta energia-konpainien sentsibilizazio faltak, are gogorrago bilakatzen dute geroz eta familia gehiago pairatzen duten egoera hau.

Estatuko herritarren %15ek baino gehiagok fakturak ordaintzeko zailtasunak dituzte. Horrela, pertsona hauei etxebizitza duina izateko oinarrizko eskubidea urratzen zaie; hau da, oinarrizko baldintzak betetzen dituen etxebizitza, tenperatura egokiduna, eta pertsona orok behar dituen oinarrizko zaintzak gauzatzeko eta elikatzeko energia eskaintzen duena.

“Tipi-Tapa Bagoaz. Hacia vidas sostenibles” kanpainaren manifestuan jaso bezala, energia oinarrizko eskubide gisa aitortu behar da, eta horregatik pertsona ororentzako bizitza duina bermatuko duen energia-kopurua eskuratzeko legeak aldarrikatzen ditugu.

2018-02-26T10:57:46+00:00 2018 otsaila 22|0 Comments

About the Author:

Leave A Comment